Joan eduki nagusira

Gaur, asteazkena, maiatzak 14, Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak unibertsitateko komunitateari jakinarazi dio ekainaren 1ean bere zuzendaritza-taldea berrituko duela Garapen Digitaleko Errektoreordetzan eta Ikasleen Gaietarako Errektoreordetzan.

zoom Ezkerretik eskuinera, Begoña Pérez, Miguel Pagola, Cristina Bayona eta Edurne Barrenechea.

Ezkerretik eskuinera, Begoña Pérez, Miguel Pagola, Cristina Bayona eta Edurne Barrenechea.

Garapen Digitaleko Errektoreordetzan, Miguel Pagola Barriok Edurne Barrenechea Tartas ordezkatuko du. Edurne Barrenechea 2019an izendatu zuten errektoreorde. Miguel Pagola errektoreordetza horretako arloko zuzendaria izan da 2019az geroztik. Bestalde, Ikasleen Gaietarako, Unibertsitateko Bizitzako eta Konpromiso Sozialeko Errektoreordetza sortuko da, eta Begoña Pérez Eransus izanen da esparru horretako errektoreordea. Egun Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea da Begoña Pérez. Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak kargua utziko du. Cristina Bayona 2015etik zegoen kargu horretan.

Errektoretza-taldeko aldaketak Ramón Gonzalorekin adostu ziren agintaldi hasieran, otsaileko aldaketak bezala. Errektoreak eskerrak eman dizkie pertsona horiei, lan bikaina egin baitute Nafarroako Unibertsitate Publikoko zuzendaritza-taldeko kide izan diren aldian.

Miguel Pagolaren curriculuma

Miguel Pagola (Caracas, 1976) industria ingeniaria da eta Adimen Artifizialean doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2005). Haren ikerketa-lerro nagusiek Adimen Artifizialaren aplikazioak dituzte aztergai. Esaterako, "deep learning" teknikak erabiltzea irudiak ikusteko, ikaskuntza automatikoa aplikatzea aerosorgailuen mantentze prediktiboari ("machine learning") edo multzo lausoen eta haien luzapenen erabilera gutxi gorabeherako arrazoiketan. 30 argitalpen baino gehiago egin ditu eragin-faktorea (JCR) duten aldizkarietan, zenbait ikerketa proiektutan parte hartu du eta bi doktoretza-tesi zuzendu ditu.

Bere kudeaketa jarduerari dagokionez, Telekomunikazio, Informatika eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren zuzendariordea izan da (TIIGMT), eta eskola horretan Ingeniaritza Informatikoko Graduko eta Masterreko arduraduna izan da 2015-2019 aldian.